María Hesse
María Hesse | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Huelva, 1982 (41/42 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | ilustratzailea, margolaria eta idazlea |
mariahesse.es | |
María Hesse (Huelva, 1982) espainiar ilustratzailea da.
Hezkuntza Bereziko ikasketak egin zituen, eta irakasle izateko oposizio batzuetarako ikasten ari zela ikusi zuen hori ez zela bere arloa. Hala, 28-29 urte zituela, goi-mailako ziklo bat ikasi zuen, ilustratzailea izan nahi zuela argi ikusi baitzuen.
Edelvives argitaletxearentzat lan egin du, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du; esate baterako, Jot Down, Fashion & Arts, Público eta Glamour.
Argitalpenei dagokienez, hainbat lanen ilustrazioak egin ditu, eta berak idatzi eta ilustratutako liburuak ere argitaratu ditu: Frida Kahlo. Una biografía (Lumen, 2016) –hamabi hizkuntzatara itzulia– eta El placer (Lumen, 2019).[1]
Sevillan, Málagan, Mallorcan, Bartzelonan eta Madrilen erakutsi ditu bere lanak, besteak beste.[2]
Horrez gainera, hainbat arropa-markarentzako ilustrazioak ere egin ditu.[3]
Estiloa
María Hesseren lanetan, batez ere emakumezkoak agertzen dira; normalean ez du gizonezkorik marrazten.[4] Naturako elementuak ohikoak dira bere lanetan, eta gorputzeko organoak (bihotza, esate baterako) bistan izaten dituzte sarri irudietako protagonistek. Dioenez, "hori da emozioei buruz hitz egiteko bere modua".[4] Marrazkiak, oro har, nahiko naifak izaten dira.
Bestalde, pintura-teknikei dagokienez, tinta txinatarra eta gouachea erabiltzen ditu, eta eskuarki eskuz egiten ditu irudiak, ez digitalki.[5]
Argitalpenak
Bakarkako argitalpenak
- Frida Kahlo. Una biografía (Lumen, 2016).
- El placer (Lumen, 2019).
Argitalpenetarako ilustrazioak
- Orgullo y Prejuicio (Alfaguara, 2017). Jane Austenen lanerako ilustrazioak.
- Rita Bonita, Gato Gordo y el fin del mundo (Mosquito Books, 2017). Amaia Ascuncek idatzitako liburuaren ilustrazioak.
- Bowie. Una biografía (Lumen, 2018). Fran Ruízek idatzitako lanerako ilustrazioak.
- Mujercitas (Alfaguara, 2018). Louisa May Alcotten lanerako ilustrazioak.
- El futuro es femenino (Nube de Tinta, 2018). Sara Canok idatzitako testuarentzako azala eta ilustrazioak. Beste ilustratzaile batzuen lanak ere badaude: Agustina Guerrero, Ana Santos, Naranjalidad, Lady Desidia, Laura Agustí, Elena Pancorbo eta Amaia Arrazola.
Sariak
- Brasilgo Haur eta Gazteentzako Liburuen Fundazio Nazionalaren saria eman zioten Frida. Una biografía lanarengatik.[6]
Izena
Herman Hesseren Demian lanak eragin nabaria izan zuen berarengan unibertsitate-garaian irakurri zuenean, eta idazlearen abizena hartu zuen bere izen artistikoa sortzeko.[7][5]
Erreferentziak
- ↑ (Gaztelaniaz) Editorial – mariahesse.es. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) Exhibitions – mariahesse.es. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) About – mariahesse.es. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ a b «María Hesse o cómo pintar el sentimiento incontrolado» VEIN Magazine 2018-10-24 (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «María Hesse, feminismo y compromiso» abc 2018-10-26 (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Actividades culturales del Instituto Cervantes» cultura.cervantes.es (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2018-06-28). «María Hesse: “Comencé a rebelarme con Hermann Hesse”» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
Kanpo estekak
- María Hesse Instagramen.
- María Hesseren webgune pertsonala.
- Datuak: Q96482172